Kontaktua
MAPA BATEN INTERPRETAZIOA
Mapa batean garaiera berdineko puntuak lotzen dituzten kurba ("sestra kurba" izenekoak) batzuk ikus daitezke. Kurban bertan zenbaki bat ageri da, kurba horretako puntu guztien garaiera adierazten duena. Kurben arteko garaiera aldea (mapak berak adierazten du) 20 metrokoa izan ohi da. Kurba horien artean dagoen erlazioari erreparatuz gero, lurrari buruzko informazio gehiago lortuko dugu. Lurra xerratan moztuko bagenu bezala da. Hona hemen adibide bat:
Benetan dauden bideak adierazten dituen mapa bati erreparatzen badiogu, ikusiko dugu ahalegin txikiagoko marrak jarraitzen dituztela, hau da, aldaparik gozoenak hartuta (azken batean, sestrakurben artean ahalik eta alderik handiena).
IPARRORRATZAK
SILVA iparrorratza
Angelu-garraiagailua duen iparrorratza da. Arina da eta nahiko doia orientaziorako eta oinarrizko nabigaziorako. Mapa batean norabidea kalkulatzeko balio du. Iparrorratz PRISMATIKOA, SILVA baino doiagoa da, fokatu daitekeelako eta horrela lurrean dauden elementuen erreferentzia zehatzagoa hartzea errazten du.
Iparrorratza oinarri-oinarrian magnetizatutako orratz bat besterik ez da eta ondorioz ipar geografikoa (mapetan koadrikulek adierazi ohi dute) eta ipar magnetikoaren artean aldaketa bat (aldaketa magnetikoa izenekoa) nabari da. Toki batzuetan, lekuaren arabera, aldaketa hori esanguratsua izan daiteke. Datu modura esango dugu Euskadin 1988 urteko aldaketa magnetikoa gutxi gorabehera 4º MENDEBALDERANTZ izan dela. Honek esan nahi du orratzaren Iparrak maparen iparrarekiko 4 gradu mendebalderantz markatzen duela.
IPARRORRATZAREN ERABILERA
- Behin lurrera iritsita, eta jakinda non gauden, mapa hartuko dugu. A puntuan bagaude eta B puntura joan nahi badugu, iparrorratza planoaren gainean jarriko dugu, oinarri-xafla eta jarraitu nahi dugun norabidea bat egiten dutela.
- Ondoren linboa (meridiano marrak dituena) mugitu egingo dugu maparen koadrikulekiko paralelo egon arte. Marra erakuslean gradu kopuru bat (guri dagokigunez 60º) ikusiko dugu eta horiek izango dira jarraitu beharreko norabideari dagozkionak.
- Azkenik, iparrorratza hartuko dugu eta lurrarekiko ahalik eta paraleloen jarriko dugu (orratza askatasun osoz mugitu ahal izan dadin) eta ipar magnetikoa (biraka dabilen orratz magnetikoa) eta orientazio gezia bat eginda jarriko ditugu. Norabide geziak adierazitako norabideari jarraitu behar diogu.
Aldaketa magnetikoa (esanguratsua dela uste badugu) zuzendu nahi izanez gero, 3. urratsa gauzatu baino lehen, linboa dagoen desbideraketa magnetikoa beste gradu mugitu beharko dugu.
Adibidez, guri dagokigunez, 4º MENDEBALDERANZko desbideraketa magnetikoa dugula, linboa 64ºtan jarri beharko dugu, horrela ipar geografikoa ipar magnetikoarekiko 4 gradu ekialderantz jarriko baitugu.
Prozedura alderantziz burutzeko, hau da, erreferentziazko bi puntu ezagututa zehaztu zein den gure kokapena mapan, honela jokatuko dugu: iparrorratzaren norabide marra erreferentzia puntu bakoitzerantz zuzendu, linboaren norabide gezia eta orratz magnetikoa bat eginda jarri (aldaketa magnetikoa zuzendu nahi izanez gero, guri dagokigunez 4º kendu beharko genizkioke norabideari). Orain iparrorratza maparen gainean jarriko dugu meridiano marrak bat egin dezaten maparen koadrikulekin. Oinarri xafla erabiliz marra bat egingo dugu erreferentzia puntuaren gainean. Berdin egingo dugu beste erreferentzia puntuarekin. Bi lerroak gurutzatzen diren tokia da gure kokapena.
NOLA ORIENTATU (iparrorratzik gabe)
Eguzkia EKIALDETIK ateratzen da eta MENDEBALDETIK sartu. Ondoren eguzkiak hegoalderanzko ibilbidea egiten du zeruan eta bertara iristen da eguzkiaren eguerdian.
ERLOJUA ERABILITA
Gure hemisferioan (iparraldekoan), orduen orratza eguzkirantz jarri behar duzu. Zure erlojuan, HEGOALDEA orduen orratza eta 12ak artean dago. Edonola ere, kontuan hartu behar duzu udan ordu ofizialak eguzkiaren orduarekiko bi orduko aurrerapena duela, eta neguan ordu batekoa (hortaz, dagokion zuzenketa egin beharko duzu).
IZARREN BIDEZ
Oraingoan ere iparraldeko hemisferioari dagokionez, Ipar-izarra erabil dezakezu IPARRA zehazteko. Horretarako Hartz Nagusiaren aurre aldea osatzen duten bi izarrak lotuko lituzkeen alegiazko marra bat egin eta luza ezazu lau aldiz bi izarron arteko distantzia eta Ipar-Izarra lokalizatuko duzu. Izar dirdiratsu hau zeru-mugaren iparraldean dago.
HEGOALDEAREN ETA MENDEBALDEAREN KOKAPENA
Sartu lurrean zutoin bertikal bat. Jakiteko non dagoen mendebaldea goizean egin ezazu zutoinak egiten duen itzalaren puntaren marka. Lotu iezaiozu itzalaren luzera berdineko soka bat makila bati eta egin arku bat zutoinaren inguruan. Arratsaldean egin ezazu marka bat zutoinaren itzalak arkua zeharkatzen duen lekuan: hori da EKIALDEA. Ondoren IPARRA eta HEGOA gehitu ditzakezu.
DISTANTZIA BATEN GUTXI GORABEHERAKO NEURKETA.
- Duzun kokapena irudikatzen duen gurutzetik zehaztu ezazu erreferentzia punturanzko norabidea eta marka ezazu (laukizko paperean)
- Ibil zaitez lehendabiziko norabidearekiko 45º ko norabidean, eta zenbatu itzazu ematen dituzun urratsak, distantzia ezagutu nahi duzun puntuaren norabideak 30º tan aldatu arte. Markatu kokapen berria. Erkaketari esker jakingo duzu distantzia.